HANDIA (Jon Garaño, Aitor Arregi)
HANDIA : ALTZOKO ERRALDOIAREN EGIAZKO ISTORIO HARRIGARRIA
>> Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar euskal film onenaren saria (Donostiako Zinemaldia, 2017)
>> 10 Goya sariren irabazle, ikus hemen
>> Klika hemen prentsa-liburua eskuratzeko
HANDIA
Euskal-Herria – 2017 – 114 min VOSTF – Zuzendariak : Aitor Arregi eta Jon Garaño. Antzezleak : Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre, Aia Kruse…
Altzo, 1836. Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joaquin erraldoia bilakatu dela aurkituko du. Laster, Martinek asmo bat baizik ez du izango, hau da baserri-giro hertsi hartatik alde egitea, Joaquin herriari eta familiako ohitureri erabat lotuta egongo delarik. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, Martinek bere anaia Joaquinekin batera, bidaia luze bati ekingo dio, Europan zehar. Bidean, Joaquinek bere konplexu, duda eta beldurrei aurre egin beharko die…
BIDEO AURRERAPENA
ZUZENDARIAK : Jon Garaño & Aitor Arregi
Handia Arregi-Garaño tandemak zuzenduriko fikziozko lehendabiziko filma da. Hala ere 15 urte baino gehiago eman dituzte elkarrekin lanean, beste bost kiderekin batera, beraiek sortutako Moriarti ekoiztetxean. Haien aurreko ekoizpenak, Loreak (2015) Oskar sarietarako atzerriko film onenaren hautagaitzan Espainiaren ordezkari izendatua izan zen.
EGIAZKO ISTORIO HARRIGARRIA
Gutako kasik gehienak nerabezaroan handitzen gara, helduak garenean altuera jakin batean mantentzen gara, eta azkenik (kasu gehienetan behintzat) bizitzaren azken urteetan txikiagotu egiten gara. Hala ere, eta pertsona oso gutxiri gertatzen bazaie ere, kontrako egoera ere eman daiteke : gehiengoak hazten bukatu dugunean, haiek handitzen segitzen dute, eta ez dira gelditzen beren heriotzaren egunera arte. Eritasun honi akromegalia deitzen zaio. Garai hartan arrazoi zehatza ez bazekiten ere, Miguel Joaquin Eleizegik akromegaliaz sufritzen zuela uste zuten. Gipuzkoako Altzoko herrian sortu zen 1818an, eta 20 urterekin etengabe hazten hasi zen bere bizitzaren azken egunera arte, eta horrela bere garaian existitzen zen pertsonarik handiena izatera iritsi zen. Mundu guziak ezagutzen zuen, horregatik Europako hainbat lurraldetara agertu zen, publikoak bere tamaina handia ikus zezan
EGIA EDO KONDAIRA ?
Nahiz eta bere garaian pertsonaia izigarri ospetsua izan zen, Joaquin Eleizegiri buruz informazio biziki gutti badago. Ez dago berari leporatzen zaizkion anekdota eta gertakari desberdinen inguruko froga fidagarririk. Paradoxikoki, zendu zenean (1861ko azaoaren 20an, 43 urterekin), Joaquinek era sinbolikoan hazten segitu zuen. Bere abenturak eta figura ahoz-aho hedatu ziren eta bere istorioaren kontakizuna deformatuz joan da, hainbesteraino non anitzek uste dute sekula ez zela existitu, euskal mitologiaren beste pertsonaia bat balitz bezala. Izan ere, Miguel Joaquin Eleizegiren egiazko istorioa zinezko mitoa bihurtu zen, “Altzoko handia”ren mitoa.
ALTZOKO HANDIA, XIX. MENDEKO SINBOLOA
Mitoak errealitate politiko eta sozial zehatz baten emaitza dira, eta bere istorioa egia bada ere, Altzoko Handia XIX.en mendeko emaitza garbia da. Bera eta bere anaia Martin (bidai gehienetan bidelagun izan zuena) mende horren erdi partean bizi izan ziren. Garai horretan, seguraski ordura arte sekula baino gehiago, erregimen zaharra eta berriaren arteko
talka nabarmendu zen. Joaquin Eleizegiren kontakizuna Lehen Karlistaldia, 1833 eta 1839 bitartean izan zen Espainiar gerra zibilaren inguruan girotuta dago. Gatazka honetan borrokatzen zuten isabelistek (Fernando VII erregearen alaba eta ondorengoa Isabel IIren aldekoak), tendentzia liberalekoak, karlisten kontra (Karlos infantearen defendatzaileak, hura erregearen oinordeko legitimoa dela deritzotenak), kontserbadoreagoak, ohitureri lotutagoak. Euskal probintziek eta Nafarroak Karlistak defendatzen zituzten gehienbat. Handiak gai konkretu baten inguruan hausnarketa bat eragin nahi du : gizakiak aldeketei nola egiten dion aurre. Errealitate berri horren aurrean, hartzen ditugun erabakien ostean, gure jatorrizko
nortasuna mantendu dezakegu? Edo behin izan ginenaren bertsio desitxuratu batean bilakatzen gara?
HANDIA, FENOMENO BAT ?
Donostiako Nazioarteko zinemaldiko Epaimahaiaren Sari bereziaren irabazle, Handia Madrileko Goya sarietarako 13 hautagaitzetan izendatu berri dute.
2017an, Altzoko erraldoiak nazioarteko bidaia berri bati ekin dio. Handia zinemaldiz zinemaldi dabiltza, Londresen, Milanon, Kolkatan. Euskal zinemaren heinean, Jon Garaño eta Aitor Arregiren filma fenomeno bat dela erran daiteke, bere garaian Joaquin Eleizegi izan zenaren antzean. Izan ere, zinemaren historiako euskarazko film ikusiena da Handia, Espainian estreinatu zenetik aste batzuetara, kasik 100 000 ikus-entzule erakarri baititu.