SCROLL

ZINESKOLA 2018 : HARRI ZOPA + TERESA ETA GALTZAGORRI

 

 

Zineskola dispositiboaren helburua da ikasle euskaldunei euskarazko zinema eskaintzea.  Egitasmoa Uda Lekuk abian ezarri du orain dela urte asko, eta aurten Gabarra Films-ek hartu du koordinaketaren ardura, beti Uda Lekurekin elkarlanean, bai eta Cinévasion sarea eta Euskal Kultur Erakundearekin ere.

Aurten, bi film aurkeztuko ditugu otsailaren 26tik maiatzaren 4ra arte :

 

TERESA ETA GALTZAGORRI Agurtzane Intxaurragaren filma (2017)

Iratxoek udaberria ekartzen digute urtero. TIM lehen aldiz iritsitako iratxoa da. Feriako soinu erakargarriarekin nahasita, gainerako iratxoengandik bereizi da. Eta SAMUEL eta VLADek harrapatu dute, zirkuko atrakzio gisa esplotatzeko.

TERESA 6 urteko neska da, eta jeloskortasun handia agertzen du neba txikiaren aurrean. Ferian, TIM ikusi du jendaurrean ikusgai, eta hura gutiziatu du. TIMentzat, berriz, ihes egiteko aukera da neska.

TIM TERESAren etxean ezkutatuko da, eta haren babespean biziko da. Elkarrekin, hainbat abentura biziko dituzte, eta lagun bereizezinak izango dira.

Denborarekin, TIM eraldatzen hasiko da. Bere mundutik eta bere ingurukoengandik urrun denbora gehiegi daramala ikusiko du. TIM salbatzeko aukera bakarra itzultzen laguntzea izango da. Denborarik galdu gabe! Baina kontuz! VLAD zelatan dago!

Eskuratu gida didaktikoa : Teresa eta Galtzagorri Gida didaktikoa

 

 

 

 

 

harrizopa

HARRI ZOPA (talde-lana)

Esku artean daukazuena kondairak eta mundu osoko neska-mutilen ohiturak jasotzen dituen laburmetraia sorta da. Nork ez ditu lo geratzeko ardiak zenbatu? Nork ez du jertsea alderantziz jantzi eskolara joan aurretik? Edo nork ez du harri zoparen kondaira ezagutzen? Buhó del cinek xarmaz, fantasiaz eta umorez apaindutako bost istorio aurkezten dizkigu; hontza izango da gainera, istorio guztien arteko zubi lana egingo duen pertsonaia.

Harri Zopa “La Chouette du cinéma” bildumako lehenengo laburmetraia sorta da. Guztiak animazioko lanak dira, ardatz nagusi bera konpartitzen dutenak eta helburu ludiko-didaktikoa bilatzen dutenak. Laburmetraia guztietan hontzak egiten du gidari lana; bera da neska-mutilei hitz egiten diena, ikusle gaztetxoen eta hontzaren arteko harremana sendotuz.

 

 

 

Eskuratu jolas pedagogikoak : Harri Zopa Jolas Pedagogikoak

 

 

 

 

 

 

HANDIA (Jon Garaño, Aitor Arregi)

 

 

HANDIA : ALTZOKO ERRALDOIAREN EGIAZKO ISTORIO HARRIGARRIA

>> Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar euskal film onenaren saria (Donostiako Zinemaldia, 2017)

>> 10 Goya sariren irabazle, ikus hemen

>> Klika hemen prentsa-liburua eskuratzeko

 

 

afitxa

HANDIA

Euskal-Herria – 2017 – 114 min VOSTF – Zuzendariak : Aitor Arregi eta Jon Garaño. Antzezleak : Eneko Sagardoy, Joseba Usabiaga, Iñigo Aranburu, Ramon Agirre, Aia Kruse…

Altzo, 1836. Lehen Karlistaldian borrokatu ostean, Martin Gipuzkoako bere etxera itzuliko da, eta han, harrituta, bere anaia Joaquin erraldoia bilakatu dela aurkituko du. Laster, Martinek asmo bat baizik ez du izango, hau da baserri-giro hertsi hartatik alde egitea, Joaquin herriari eta familiako ohitureri erabat lotuta egongo delarik. Mundu osoak Lurreko gizon handiena ikusteko ordaindu nahi izango duelakoan, Martinek bere anaia Joaquinekin batera, bidaia luze bati ekingo dio, Europan zehar. Bidean, Joaquinek bere konplexu, duda eta beldurrei aurre egin beharko die…

 

 

BIDEO AURRERAPENA

 

 

ZUZENDARIAK : Jon Garaño & Aitor Arregi

arregi

garano

Handia Arregi-Garaño tandemak zuzenduriko fikziozko lehendabiziko filma da. Hala ere 15 urte baino gehiago eman dituzte elkarrekin lanean, beste bost kiderekin batera, beraiek sortutako Moriarti ekoiztetxean. Haien aurreko ekoizpenak, Loreak (2015) Oskar sarietarako atzerriko film onenaren hautagaitzan Espainiaren ordezkari izendatua izan zen.

 

 

EGIAZKO ISTORIO HARRIGARRIA

Gutako kasik gehienak nerabezaroan handitzen gara, helduak garenean altuera jakin batean mantentzen gara, eta azkenik (kasu gehienetan behintzat) bizitzaren azken urteetan txikiagotu egiten gara. Hala ere, eta pertsona oso gutxiri gertatzen bazaie ere, kontrako egoera ere eman daiteke : gehiengoak hazten bukatu dugunean, haiek handitzen segitzen dute, eta ez dira gelditzen beren heriotzaren egunera arte. Eritasun honi akromegalia deitzen zaio. Garai hartan arrazoi zehatza ez bazekiten ere, Miguel Joaquin Eleizegik akromegaliaz sufritzen zuela uste zuten. Gipuzkoako Altzoko herrian sortu zen 1818an, eta 20 urterekin etengabe hazten hasi zen bere bizitzaren azken egunera arte, eta horrela bere garaian existitzen zen pertsonarik handiena izatera iritsi zen. Mundu guziak ezagutzen zuen, horregatik Europako hainbat lurraldetara agertu zen, publikoak bere tamaina handia ikus zezan

 

EGIA EDO KONDAIRA ?

Nahiz eta bere garaian pertsonaia izigarri ospetsua izan zen, Joaquin Eleizegiri buruz informazio biziki gutti badago. Ez dago berari leporatzen zaizkion anekdota eta gertakari desberdinen inguruko froga fidagarririk. Paradoxikoki, zendu zenean (1861ko azaoaren 20an, 43 urterekin), Joaquinek era sinbolikoan hazten segitu zuen. Bere abenturak eta figura ahoz-aho hedatu ziren eta bere istorioaren kontakizuna deformatuz joan da, hainbesteraino non anitzek uste dute sekula ez zela existitu, euskal mitologiaren beste pertsonaia bat balitz bezala. Izan ere, Miguel Joaquin Eleizegiren egiazko istorioa zinezko mitoa bihurtu zen, “Altzoko handia”ren mitoa.

 

ALTZOKO HANDIA, XIX. MENDEKO SINBOLOA

Mitoak errealitate politiko eta sozial zehatz baten emaitza dira, eta bere istorioa egia bada ere, Altzoko Handia XIX.en mendeko emaitza garbia da. Bera eta bere anaia Martin (bidai gehienetan bidelagun izan zuena) mende horren erdi partean bizi izan ziren. Garai horretan, seguraski ordura arte sekula baino gehiago, erregimen zaharra eta berriaren arteko

talka nabarmendu zen. Joaquin Eleizegiren kontakizuna Lehen Karlistaldia, 1833 eta 1839 bitartean izan zen Espainiar gerra zibilaren inguruan girotuta dago. Gatazka honetan borrokatzen zuten isabelistek (Fernando VII erregearen alaba eta ondorengoa Isabel IIren aldekoak), tendentzia liberalekoak, karlisten kontra (Karlos infantearen defendatzaileak, hura erregearen oinordeko legitimoa dela deritzotenak), kontserbadoreagoak, ohitureri lotutagoak. Euskal probintziek eta Nafarroak Karlistak defendatzen zituzten gehienbat. Handiak gai konkretu baten inguruan hausnarketa bat eragin nahi du : gizakiak aldeketei nola egiten dion aurre. Errealitate berri horren aurrean, hartzen ditugun erabakien ostean, gure jatorrizko

nortasuna mantendu dezakegu? Edo behin izan ginenaren bertsio desitxuratu batean bilakatzen gara?

 

HANDIA, FENOMENO BAT ?

Donostiako Nazioarteko zinemaldiko Epaimahaiaren Sari bereziaren irabazle, Handia Madrileko Goya sarietarako 13 hautagaitzetan izendatu berri dute.

2017an, Altzoko erraldoiak nazioarteko bidaia berri bati ekin dio. Handia zinemaldiz zinemaldi dabiltza, Londresen, Milanon, Kolkatan. Euskal zinemaren heinean, Jon Garaño eta Aitor Arregiren filma fenomeno bat dela erran daiteke, bere garaian Joaquin Eleizegi izan zenaren antzean. Izan ere, zinemaren historiako euskarazko film ikusiena da Handia, Espainian estreinatu zenetik aste batzuetara, kasik 100 000 ikus-entzule erakarri baititu.