DANTZA

Espainia/Euskal Herria – 2019 – 98min

Zuzendaria: Telmo Esnal 

aktoreak: Gari Otamendi Buruzagiaren rolan, Amaia Irigoyen Erregina, Ainara Ranera Neska-laguna, Joseba Astarbe Mutiko-laguna eta Josu Garate Amaterasu-ren rolan.

 

 

 

 

 

Laburpena:

Ekaitza lehertu da landako lan egun gogor baten ondoren. Atertu duenean, bizitza erne da lehen agor zen lurretik. Fruitu bat hazi eta heldu da, bizirik eutsi die izurrien erasoei, eta sagardoaren bizigai izango den sagar bihurtu da. Orduan, uzta ospatzeko tenorea da, topa egitekoa eta maitasunaren festan murgiltzekoa.

Bizitzaren zikloari buruzko istorio bat, bizirik irauteko borrokarena. Horretan, denboraren iragatea naturaren ibilbideak markatuko du. Eta dantza da hori kontatzeko hautatutako hizkuntza. Kontakizun hortan, musikak eguneroko zereginei lagunduko die.

Dantza tradizioari, lurrari, haren jendeari, mitoei eta ohiturei egindako kantu poetiko bat. Izatearen mirariari buruzko kontaketa bat.

 

Telmo Esnal, zuzendariaren hitza:

Filma hau, dantzaren bidez kontatutako istorio bat da hau. Euskal dantzak erabiliz, kontakizun zikliko bat kontatu dugu, denboraz kanpokoa, edozein herriren historia izan daitekeena. Bizitzaren, naturaren, ereintzaren eta uztaren ziklotik oso gertu dagoen kontakizuna. Dantza bakoitzaren atzean dauden sinbologiak erabiliz egin dugu hori: soka-dantzak, ezpatak, zintak, brokelak… Dantzak mugitzen diren ikurrak dira, eta bakoitzak bere esanahia du. Sinbologia horiek oso antzekoak dira Europa osoan, baita Asian ere; kontakizun unibertsal bat da hau, planetaren edozein txokotan ulertuko dutena.

Dantza hiru mailatan egindako film bat da. Alde batetik, 40 urtez Juan Antonio Urbeltz folklorista eta koreografoak egindako aurreko lana dugu, horren bidez sortu baitziren obra honen oinarri nagusia diren hipotesiak. Bigarrenik, Koldobika Jauregi eskultorearen lan estetikoa dugu, bera arduratu baita filmaren kontakizuna aurrera eramateko unibertso estetikoa sortzeaz; bereak dira giro zoragarri hori sortzen duten jantziak, makillajeak, atrezzoa eta dekoratuak. Eta, azkenik, nire lana: istorioaren une bakoitzari hoberen egokitzen zaizkion dantzak hautatzea, horiek kokatzea, nola filmatu erabakitzea… Zuzentzea, hitz batean.

Ez nuke musikaren garrantzia ahaztu nahi. Pascal Gaignek lan itzela egin du pieza bakoitzari behar zuen tonu zinematografikoa emateko, aldez aurretik Marian Arregik eta Mikel Urbeltzek sortutako melodiekin lan eginez. Aipatzekoa da, halaber, Xanti Salvadorrek soinuaren postprodukzioan eginiko lana. Gogoan izan behar dugu musikal batez ari garela. Dantza bakoitzak bere musika propioa du. Ezin ahaztu ere Javier Aguirreren argazkilaritza, hain ederra eta beharrezkoa, Koldobikak aurkeztutako proposamen estetikoek bisualki ongi funtziona zezaten. Dantza, beste ezeren gainetik eta inoiz baino gehiago, filmean parte hartu duten sail guztien parte-hartzea duen obra bateratu bat da. Nire proiekturik pertsonal eta koralena da, aldi berean.

 

 

 

Klika hemen prentsarako txostena eskuratzeko

Klika hemen Afitxa-ren deskargatzeko

Klika hemen Argazki bildumaren deskargatzeko

Klika hemen teaser-aren (vimeo) ikusteko

Klika hemen trailer-aren (vimeo) ikusteko